Lizardi, Rimbaud etorri duk hitaz galdezka eta gu ere hire zain geundela esan zioagu ez hitzela aspaldi azaldu etxetik eta belatzean eseri gaituk denok erlojuak janez baina mezularia bidali diagu Alosko torrea eskilara luzetan beleak uxatzen ote hintzen ikus zezan gero kanpaiak entzun dizkiagu zakurrak zaunkaka orduan sortu haiz bidetik balantzaka eta hirekin aurrez aurre jarri garenean zerraldo erori haiz gure oinetan eta gorpu gogor hintzen udazkenaren tronoan hertsi dizkiagu begiak adiosik ez eta goizaldean muxika hezur batetan sarturik o petit poete pirotekniarik gabe lurperatu haugu baratzan.